Featured image

IoT-rako aplikazio mugikorrak garatzea programazio bisuala erabiliz (aurreratua)

Tailer honetan, programazio bisuala eta MIT App Inventor plataforma hobeto erabiltzen ikasiko dugu, eta, zehazki, bi noranzkoko komunikazioa eta gauzen Interneteko gailuen mugikor-aplikazio bidezko urrutiko kontrola izango ditugu ardatz. Gero eta konektatuago dagoen mundu honetan, garrantzitsua da gure gailu adimendunekin edozein lekutatik interakzioan aritzeko gaitasuna izatea, eta smartphoneek aukera ematen digute sistemaren terminal eramangarri bat izateko nonahi eta noiznahi.

MQTT protokoloa aztertuko dugu, gauzen Interneten ingurunean komunikatzeko bereziki diseinatutako estandar arin eta eraginkor bat, eta ikasiko dugu nola erabil dezaketen gure mugikor-aplikazioek komandoak bidaltzeko eta urrutiko gailuetatik informazioa denbora errealean jasotzeko.

Halaber, ikasiko dugu nola transferi dezakegun informazioa hodeiaren bidez, nola transmiti ditzakegun irudiak denbora errealean, nola konfigura ditzakegun sistemak urrutitik eta nola eskuratu ditzakegun web-zerbitzuen datuak REST APIen bidez, gauzen Interneteko aplikazioen aukera gehiago izateko eskura.

Gune guztiz praktikoa izango da; MIT App Inventor inguruneko ariketa gidatuak eginez eta programazio bisuala erabiliz, funtsezko kontzeptuak finkatuko ditugu, eta gauzen Interneteko gure proiektuak beste interaktibitate- eta kontrol-maila batera eramateko behar diren trebetasunak eskuratuko ditugu.

Helburua

Helburu nagusia da tailerra amaitutakoan parte-hartzaileak gai izatea urrutiko kontrola egiteko eta gauzen Interneteko gailuak eta sistemak kudeatzeko aukera ematen duten mugikor-aplikazioak garatzeko, MIT App Inventor plataformako programazio bisuala erabiliz. Zehazki, parte-hartzaileak gai izango dira hauetarako:

  • Mugikor-aplikazioen eta gauzen Interneteko gailuen arteko bi noranzkoko komunikazioa inplementatzeko, MQTT protokoloa erabiliz.
  • Hodeian oinarrituta informazioa transferitzeko kontzeptuak ulertzeko eta aplikatzeko, urrutiko gailuekin elkarreraginean jarduteko.
  • Gauzen Interneteko gailuetatik datozen irudiak denbora errealean transmititzeko eta bistaratzeko funtzionalitateak garatzeko.
  • Parametroak urrunetik konfiguratzeko eta gauzen Interneteko sistemak kontrolatzeko erabiltzaile-interfazeak sortzeko.
  • Kanpoko web-zerbitzuen informazioa eskuratzeko, REST APIak erabiliz eta JSON formatuan dauden datuak deskodetuz.
  • Gauzen Interneteko proiektuak kudeatzeko eta kontrolatzeko, funtzionalitate horiek barne hartzen dituzten aplikazio praktikoak diseinatzeko eta garatzeko.

Eskakizunak

Tailer aurreratu horretan parte hartzeko eta ahalik eta gehien aprobetxatzeko, komeni da parte-hartzaileek baldintza hauek betetzea:

  • Programazioaren oinarrizko kontzeptuak ezagutzea, hala nola aldagaiak, zerrendak, funtzioak eta fluxu-kontroleko egiturak (begiztak eta baldintzazko adarkatzeetarako jarraibideak).
  • Programazio bisualaren oinarrizko kontzeptuak eta MIT App Inventor plataforma ezagutzea.
  • Smartphone bat izatea ariketa praktikoak egiteko.

Nori zuzendua

Programazio bisualaren bidez gauzen Interneteko proiektuetan urrutiko gailuak kontrolatzeko eta monitorizatzeko interfaze gisa balio duten mugikor-aplikazioen garapenean sakondu nahi duen edonorentzat da ikastaroa.

Egitaraua

  • Gauzen Interneteko gailuen urrutiko kontrola MQTT komunikazio-protokoloaren bidez
  • Gailuen arteko informazio-transferentzia, hodeian oinarritua
  • Irudiak denbora errealean transmititzea gauzen Interneteko urruneko gailuetatik
  • Gauzen Interneteko sistemak urrutitik konfiguratzea
  • API RESTetatik informazioa eskuratzea. JSONak deskodetzea

Hizlaria

Pablo Falagán Cano. Industria-ingeniaria, Produktu Elektronikoen Garapeneko goi-mailako teknikaria eta Enplegurako Lanbide Heziketako irakaslea naiz. Maite ditut elektronika eta programazioa, eta izugarri gustatzen zait aplikazioak sortzen irakastea. Interesatzen zitzaidalako hasi nintzen programazioaren munduan, lehen mikroordenagailuak agertu zirenean. Aurrez aurreko ikastaroen bidez nahiz nire kontura trebatu naiz. Azken urteotan, gauzen Interneterako aplikazioak garatzen espezializatu naiz, mikrokontroladoreen eta smartphoneen programazioan batez ere.