Enpresa Digitalari buruz


Zer da Enpresa Digitala?

Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena Sailak, Foru Aldundien eta beste erakunde batzuen laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren "Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategia" planaren barruan, euskal enpresen esku jarri du "Enpresa Digitala" izeneko ekimena. Ekimen honen helburuen artean bi azpimarratu daitezke: informazio eta komunikazioen teknologia berrien bitartez enpresaren lehiakortasuna hobetu , eta sareko negozio berrien garapena sustatu, ekonomia berri horretako profesionalak gaituz eta lagunduz; eta hori guztia hazkunde ekonomikoa lortzeko faktore bereizlea den heinean.

Nori zuzenduta dago?

Enpresa Digitala enpresa eta profesionalentzat da batez ere, eta lehentasuna ematen die beren negozio prozesuetan informazio eta komunikazioaren teknologia berriak aplikatu nahi dituzten enpresa txiki eta ertainei, baita ekonomia berriko sustatzaileei ere interneten erabilera intentsiboa eta zabala sustatzea helburu duen negozio ideia bat badute.

Zer zerbitzu eskaintzen ditu?

Aipatutako helburuak lortzeko ezinbestekoa da hiru elementu hauetan oinarritzen den prozesua bultzatzea: sentsibilizazioa, prestakuntza eta laguntza. Hiru elementu horiek ezinbestekoak dira lehendik dauden enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta enpresa ekimen berriak garatzeko.

Enpresa Digitalak prestakuntza ekintzak sustatzen ditu, eta horregatik ikastaroak, mintegiak eta jardunaldiak antolatzen ditu. Ekimen horiek aldizka egiten dira EAEko lau lurralde historikoetan.

Era berean, tresnak, metodologiak eta programak sortzen ditu enpresei informazio eta komunikazioaren teknologia berrietara hurbiltzen laguntzeko. Horren guztiaren xedea da enpresen lehiakortasuna hobetzea eta negozio berriak sortzeko espazioak eta baliabideak eskaintzea.

Zein da Enpresa Digitalaren azpiegitura?

Enpresa Digitalaren koordinazioa Enpresa-garapenerako euskal agentziak (SPRI) egiten du Foru Aldundien, Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eta EAEko teknologi parkeen laguntzarekin. Ekimenak laguntza zentro bat dauka teknologi parke bakoitzean, izan ere, parke bakoitzaren baldintzak ezberdinak baitira.

Enpresa Digitala zentro bakoitzak enpresen eskariei erantzuteko beharrezkoak diren espazioak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak ditu. Era berean, zentroek bitartekaritza lanak egiten dituzte enpresaburuen eta euskal administrazioek eskaintzen dizkieten laguntza programen artean. Aretoak, liburutegia, ekintzaileentzako gelak, bilerak edota bideokonferentziak egiteko aretoak...horra hor zentroen 1.600 m²-tan aurkitu daitezkeen espazioetako batzuk.

Zeintzuk dira eskaintzen dituen laguntzak?

Enpresa Digitala ekimenaren barruan jardunbide ezberdinak jasotzen dira. Ekimenak erreferentzia puntu bat izan nahi du EAEn informazio eta komunikazioaren teknologia berrietan oinarritzen den enpresa proiektu bat abian jarri nahi duten profesionalentzat.

Euskal enpresaburuari laguntza eskaini nahi diogu bere negozioan informazio eta komunikazioaren teknologiak ezarri eta modu iraunkor batean erabili ditzan. Horretarako, beharrezkoa duen aholkularitza, gaikuntza eta baliabideak eskaintzen dizkiogu.

Hauek dira, besteak beste, Enpresa Digitalak burutzen dituen ekintzak:

  • Ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza/hedapen jardunaldiak antolatu.
  • Enpresan informazio eta komunikazioaren teknologiak ezartzeko dauden laguntza eta diru-laguntzei buruzko aholkularitza eman.
  • Enpresaburuari lagundu, partekatutako proiektuak eginez.
  • Ekintzaileari laguntza eta tutoretza eskaini bere enpresa proiektua definitu eta abian jar dezan.
  • Enpresaburuaren esku jarri diagnostiko eta plangintza digitala egiteko beharrezkoak diren erremintak.