Featured image

Nork bete behar du ibilgailuetarako zibersegurtasunari buruzko Europako UNECE/R155 araudia?

Automobilgintzaren ekosistemaren parte den orok kontuan izan behar du 2024ko uztailaz geroztik arau batek nahitaezko egiten duela mugikortasuna zibersegurua izatea. UNECE/R155 da arau hori, eta irauli egin ditu bai automobilgintza eta bai industria horrekin erlazionatutako produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak (hornitzaileak, floten operadoreak, integratzaileak, eraldatzaileak, mugikortasun-enpresak, etab.). Araudi horrek zure erakundeari eragiten diola uste duzu?

Ibilgailu konektatuak, mugikortasun elektrikoa eta mugikortasun-azpiegiturak direla eta, zibererasoak jasateko arriskua duen eremua geroz eta handiagoa da. Testuinguru horretan, arrisku horiek ulertzea lehiarako abantaila bihurtu da sektoreko enpresa ororentzat.

Ikastaro honetan, araudiaren benetako ondorioen ikuspegi argia emango zaie haren eraginpean dauden automobilgintzaren eta mugikortasunaren sektoreko eragileei.

Saioan, 2024ko uztailetik aurrera bete beharreko arau-esparrua aztertuko da, baita arauak hauentzat guztientzat zer inpaktu duen ere: fabrikatzaileeak, osagaien, softwarearen eta zerbitzuen hornitzaileak, floten kudeatzaileak, aseguru-etxeak, karrozariak, lantegiak, kontzesionarioak, integratzaileak, aholkulariak, ikertzaileak, etab. Sortzen ari diren arriskuen adibideak azalduko dira, eta enpresetan eta erakundeetan legearen, ekonomiaren eta ospearen aldetik zer inpaktu duten aztertuko da. Horrela, hobeto ulertuko da gaur egungo zibermehatxuen garrantzia zenbatekoa den mugikortasunaren ekosisteman.

Orobat azalduko da zibermehatxuak alderdi asko baldintzatzen ari direla, hala nola floten kudeaketa eta mugikortasun-azpiegituren babesa, eta azpimarratuko da zeregin garrantzitsua izango dutela profil profesional berriek, ziberperituek eta zibermekanikoek, kasurako.

Norentzat

  • Ibilgailu-fabrikatzaileak.
  • Osagaien eta hardwarearen hornitzaileak, software-garatzaileak eta zerbitzu-hornitzaileak.
  • Floten kudeatzaileak, aseguratzaileak, karrozariak, eraldatzaileak, lantegi eta kontzesionarioetako langileak.
  • Prestatzaileak, aholkulariak, analistak, ikertzaileak, STEM profesionalak, etab.
  • Kazetariak eta komunikatzaileak.
  • Ziurtapen-erakundeak, kalitate-auditoreak, administrazio publikoak eta erakunde arautzaileak.
  • Automobilgintzaren eta mugikortasunaren ekosistemaren parte diren guztientzat gomendatzen da.

Egitaraua

  • Automobilgintzari eta mugikortasunari aplikatutako zibersegurtasuna. Hastapenak.
  • Ibilgailuetarako zibersegurtasunari buruzko Europako UNECE/R155 araudia.
  • Hornikuntza-kateko zibersegurtasuna: osagai-fabrikatzaileak eta hornitzaileak.
  • Mugikortasun elektrikoko zibersegurtasuna: eraso-itu berri bat. 5. modulua. Ibilgailuetako zibersegurtasuna perituentzat eta aseguru-etxeentzat: paradigma-aldaketa.

Hizlariak

Aitor Otegi, automobilgintzako ingeniaria, zibersegurtasunean espezializatua. Eskarmentua du prestakuntzan, eduki teknikoak garatzen eta lantaldeak koordinatzen. Mugikortasunari aplikatutako berrikuntza interesatzen zaio, eta gaitasuna du ingurune teknikoetan proiektuak gidatzeko eta ezagutzak transmititzeko. Zibersegurtasunean espezializatzeko ikastaroetan irakaslea da Grupo Cybentia Mobility & Cybersecurity SL taldean.

Jonay Peñate, komunikazioko profesionala, zibersegurtasunean eta prestakuntzan espezializatua. Eskarmentua du hezkuntza-proiektuak zuzentzen eta taldeak gidatzen. Teknologiaren dibulgazioa eta prestakuntza-estrategia konbinatzen ditu kontzientziazio digitala eta ikasketa espezializatua sustatzeko. Grupo Cybentia Mobility & Cybersecurity SL taldeko Prestakuntzako zuzendaria da.

 

banner