Featured image

Women4Cyber Euskadi: "Data continuuma: datuak mugitzen dira… eta segurtasunak agintzen du"

Women4Cyber ECSOk (European Cybersecurity Organisation) sortu zuen 2018an emakumeen parte-hartzea sustatzeko zibersegurtasunaren esparruan. 2022an, Women4Cyber Spain sortu zen, eta, urte horretan bertan, Women4Cyber Council kontseiluaren Europako bilera egin zen Bilbon.

Women4Cyber-en helburua da emakumeak zibersegurtasunaren mundu zirraragarrian konektatzea eta inspiratzea, ingurune digital seguruago, berritzaileago eta askotarikoago bat eraikitzeko. Bestalde, emakumeen talentua bultzatu nahi du, eta, horretarako, aukerak sortzen ditu arlo horretan etorkizuneko profesionalentzat hainbat ekimenen bitartez, hala nola CybHerTalks, W4C Startup School eta Mentoring Programa.

Oraingo honetan, hizpide izango ditugu datuen garrantzia, segurtasuna eta pribatutasuna haien bizi-ziklo osoan. Aztertuko dugu datuak nola dabiltzan etengabe joan-etorrian Edgetik aplikazioetara eta aplikazioetatik hodeira, eta, orobat, zergatik izan behar duen segurtasunak joan-etorri hori gobernatzen duen zeharkako ardatza. Saio honetan, ingurune hibridoetako arriskuak arintzeko eta eragiketen erresilientzia bermatzeko estrategiak emango dizkiegu parte-hartzaileei. Aukera erakargarria da ulertzeko ezen, datuen mugikortasuna ezinbestekoa den mundu batean, datuak haien bideko etapa guztietan babesteko ahalmenean datzala lehiarako benetako abantaila.

Testuinguru horretan kokatzen da 3. edizio hau, zibersegurtasunaren eta datuen konbergentziari buruzko gogoeta- eta elkarrizketa-gune bat sortzeko asmoz. Gaur egungo testuinguruan, gero eta sofistikatuagoak dira ziberesasoak eta oso konplexuak datuek beren bizi-zikloan dituzten joan-etorriak, eta, beraz, ezinbestekoa da arriskuei aurrea hartzeko eta teknologiaren erabilera segurua eta arduratsua sustatzeko ezagutza, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea.

Norentzat

Zibersegurtasunarekin zerikusia duen edozein enpresa, erakunde edo profesionalentzat, eta, bereziki, arlo horretan lanean ari diren profesional guztientzat.

Agenda

18:30 Harrera eta hasiera
Elixabete García, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendaria
Izaskun Onandia, ITP Aeroko Security & Information Compliance alorreko zuzendari elkartua

19:00 Hitzaldia: “Hodeia fisikoa da: datuen subiranotasuna data continuumaren garaian”.
Natalia Maeso, Microsoft Cloud Regions Lead - Europako hegoaldea

19:15 Hitzaldia:“Oinpean ditugun datu ikusezinak babestea”
Lucia Alcibar-Arechuluaga, INKOLANeko zuzendari kudeatzailea

19:30 Adituen arteko elkarrizketa “Data continuuma: datuak mugitzen dira… eta segurtasunak agintzen du”
Juncal Alonso,TECNALIAko DIGITAL alorreko Datuetako eta Konputazioko ikertzaile seniorra eta proiektu-zuzendaria
Iratxe Lejarreta, Maristak Durango ikastetxeko IT eta Zibersegurtasuneko irakaslea
Virginia Albizuri, ITP Aeroko Zibersegurtasuneko taldeburua

19:50 Women4Cyber Euskadi komunitatea eraikitzen
Ana Ayerbe, RENICeko lehendakaria, TECNALIAko DIGITAL CORESeko zuzendaria

20:00 - 21:00 Koktela eta networkinga

Hizlariak

Izaskun Onandia. 20 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta segurtasun fisikoa, zibersegurtasuna, datuaren gobernantza eta informazioaren segurtasuna estrategia global bakar batean integratzeko lanaren gidaria da. Teknologia berriekiko duen grinak hainbat sektoretan lan egitera eraman du, hala nola enpresa elektrikoa, aeronautikaren sektorea eta finantza-sektorea. Azken horretan, soluzio berritzaileak inplementatu eta ziurtatu ditu. Zibersegurtasunarekiko duen pasioa dela eta, irakasle izan da Segurtasuneko Unibertsitate Masterrean eta ekarpenak egin ditu zibersegurtasunaren hainbat arlotan, eta, gainera, beste pertsona batzuen mentore izan da arlo horretan bertan.

Natalia Maeso, Europako hegoaldeko Microsoft Cloud Regions Lead-a denez, Microsoftek eremu horretan dituen datu-zentroen sarearen estrategiaren, garapenaren eta exekuzioaren burua da, eta bermatzen du azpiegitura hori hazkunde-, berrikuntza- eta erresilientzia-eragile izan dadin bezero eta bazkideentzat. Natalia Maesok ibilbide sendoa egin du eraldaketa digitalaren, lankidetza publiko-pribatuaren eta AAren gobernantzaren alorretan; IAONen Batzorde Teknikoko eta PWN Bilbaoren kontseiluko kidea ere bada, eta, haietan, adimen artifiziala, dibertsitatea eta lidergoa arduraz ezartzea sustatzen du. Bere lanak negozioa, teknologia eta inpaktu soziala lotzen ditu, eta erakundeei eta komunitateei laguntzen die hodeiaren eta AAren potentzial osoa aprobetxatzen eraldaketa digital jasangarri eta inklusiboa bizkortzeko.

Lucia Alcibar-Arechuluaga, Inkolaneko zuzendari kudeatzailea; 18 urte baino gehiagoko esperientzia du teknologiaren eta enpresa-garapenaren sektorean. Bere lan-ibilbidearen ardatza izan dira aukera estrategikoak identifikatzea eta ikuspegi korporatiboa eta erakundearen helburuak lerrokatzeko antolaketa-aldaketa kudeatzea. Negozioari aplikatutako teknologietako I+G+Bko proiektuak gidatu ditu; teknologia horiek izan dira, besteak beste, biki digitalak, AA, datu-espazioak, bloke-kateak eta ikaste automatikoa.

Juncal Alonso, TECNALIAko DIGITAL arloko Datuetako eta Konputazioko ikertzaile seniorra eta proiektu-zuzendaria. Horren aurretik, Telefónicarentzat egin zuen lana, sektore publikoko ITko soluzioen diseinatzaile tekniko gisa. Telekomunikazio Ingeniaritza (BSc) (EHU) titulua eta IKTen Administrazio Lokaleko Masterra (UNED) ditu, IT zerbitzuen kudeaketako ITIL ziurtagiria, eta Telekomunikazioetako Doktoretza Hodeiko Konputazioan (EHU).

Iratxe Lejarreta, Konputazio Zientzietan doktorea da, eta Lanbide Heziketako Informatika eta Zibersegurtasuneko irakaslea Maristak Durango ikastetxean. Zuzendaritza-taldeko kidea eta Berrikuntza alorraren burua da, eta nazioarteko proiektuetan parte hartzen du, ikastetxeko nazioartekotze-taldearen bidez. Enpresen alorrean ere badu esperientzia.

Virginia Albizuri, ITP Aeroko Zibersegurtasuneko taldeburua da, zuzenbideko prestakuntza sendoa du, eta 20 urtetik gorako esperientzia du segurtasun integralean (fisikoa, ikerketakoa eta zibersegurtasunekoa). Aeronautika, defentsa eta segurtasun korporatiboa eta beste ingurune zorrotz batzuetako gobernantzan, arau-betetzean, datuen babesean eta ekipo teknikoen zuzendaritzan espezializatuta dago.

Ana Ayerbe. TECNALIAko Unitate DIGITALeko Cores Arloko zuzendaria da; bertan, domeinu anitzeko eraldaketa digitala gaitzen duten teknologiak ikertzen dira, hala nola zibersegurtasuna, ikuspena eta adimen artifiziala, eta datuen gobernantza. Horretaz gain, RENIC - Zibersegurtasuna Ikertzeko Bikaintasun Zentroen Espainiako Sareko presidentea da. Gaur egun, aditu gisa parte hartzen du Zibersegurtasunaren Foro Nazionaleko lantaldeetan, eta, Cyberzaintzako (Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia) Aholku Batzordeko kide izateaz gainera, ECSO (European Cybersecurity Organisation) Zibersegurtasunaren Europako Plataformako Zuzendaritza Batzordeko kide, WOMEN4CYBER ekimenaren kontseiluko kide eta Espainiako atalaren sortzaile ere bada. Aurretik, ENISAko SCCGko (Stakeholder Cybersecurity Certification Group) kide izan zen.

 

banner