Women4Cyber Euskadi: "Cyber eta AA – Need to Work Together"
Women4Cyber ECSOk (European Cybersecurity Organisation) sortu zuen 2018an emakumeen parte-hartzea sustatzeko zibersegurtasunaren esparruan. 2022an, Women4Cyber Spain sortu zen, eta, urte horretan bertan, Women4Cyber Council kontseiluaren Europako bilera egin zen Bilbon.
Women4Cyber-en helburua da emakumeak zibersegurtasunaren mundu zirraragarrian konektatzea eta inspiratzea, ingurune digital seguruago, berritzaileago eta askotarikoago bat eraikitzeko. Bestalde, emakumeen talentua bultzatu nahi du, eta, horretarako, aukerak sortzen ditu arlo horretan etorkizuneko profesionalentzat hainbat ekimenen bitartez, hala nola CybHerTalks, W4C Startup School eta Mentoring Programa.
Testuinguru horretan kokatzen da Women4Cyber Euskadi Topaketaren bigarren edizioa, non adimen artifizialaz eta AAk zibersegurtasunarekin duen erlazio bikoitzaz hitz egingo baitugu; hizpide izango dugu, halaber, pertsona guztien arteko lankidetzaren beharra dagoela zibersegurtasunaren beharrei erantzuteko eta zibersegurtasun-ekosistema partekatu bat sortzeko. Hori guztia giro lasai, dinamiko eta parte-hartzaile batean.
Topaketak aukera emango die Euskadiko zibersegurtasuneko profesionalei elkarren artean harremanetan jartzeko, Women4Cyberrek abian dituen ekimenak ezagutzeko eta euskal profesionalei ikusgarritasuna eskaintzeko hainbat testuingurutan.
Norentzat: zibersegurtasunarekin zerikusia duen edozein enpresa, erakunde eta profesional eta, bereziki, arlo horretan lan egiten duten profesional guztiak.
Egitaraua
18:30-19:00 Harrera eta irekiera Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko Zuzendari Elixabete Garciaren eskutik
19:00-19:20 “Benetako adimen artifiziala zibersegurtasuna lagun duenean sortzen da” hitzaldia, Erkuden Riosen eskutik (TECNALIA)
19:20-19:50 “Cyber eta AA – Need to Work Together” elkarrizketa
Nerea Baez (JakinCode), María Penilla (ZIUR) eta Erkuden Rios (TECNALIA)
19:50-20:00 Jarrai dezagun Women4Cyber Euskadi Komunitatea eraikitzen
Izaskun Onandia (ITP Aero) eta Ana Ayerbe (RENIC eta TECNALIA)
20:00-21:00 Networkinga
Hizlariak
Maria Penilla. Telekomunikazioetako goi-mailako ingeniaria; Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko MBA. 20 urte baino gehiagoko esperientzia du telekomunikazioen sektorean, enpresetan komunikazio-proiektuak ezartzen eta zuzentzen. Azken 15 urteotan, zibersegurtasunean oinarritu du jarduera nagusia, eta zibersegurtasun-proiektuak egin ditu hainbat sektoretako enpresetan.
Gaur egun, ZIUR fundazioko zuzendari nagusia da; fundazioaren azpiegitura eta estrategia teknologikoa kudeatzeaz eta ZIURetik Gipuzkoako industria-enpresen eskura jartzen diren zerbitzuak definitzeaz eta emateaz arduratzen da.
Nerea Baez. EAZen lizentziatua eta Zibersegurtasuneko masterra. Industria-enpresetako zuzendaritza-batzordeetako kide izan da, eta nazioarteko testuinguruetan lan egin du. 2020tik, JakinCode enpresako zuzendari nagusia da. JakinCode enpresa teknologikoaren jarduera zibersegurtasunean eta compliancean oinarritzen da.
Women4Cyberren kolaboratzailea da 2021etik, eta, gaur egun, Cybasqueko lehendakariordea da.
Erkuden Rios. Erkuden Rios (0000-0001-5541 1091) TECNALIAko CORES Digitaleko Programa eta Teknologia zuzendaria da gaur egun. 20 urtez baino gehiagoz aritu da Erkuden Tecnaliako zibersegurtasun-proiektuen zuzendari gisa. I+G+Bko nazioarteko 25 proiektu baino gehiagotan parte hartu du, zenbait iker-alorretan; horietako sei koordinatu ditu, eta ikertzaile nagusia izan da beste lautan. Landu dituen ikerlerroen artean, hodeiko pribatutasuna eta segurtasuna nabarmentzen da; alor horretan lortu zuen doktoretza (EHU) 2020an. Azken urteetan, berriz, zibermehatxuak prebenitzeko eta hautemateko eta segurtasun-babesak automatizatzeko AA erabiltzean datzan ikerlerroan espezializatu da Erkuden. Arrisku zibernetikoen analisian eta azpiegitura kritikoen erresilientzian ere aditua da, eta AAn oinarritutako soluzioak garatu ditu alor horietan ere. Azpiegitura kritikoen segurtasunerako eta erresilientziarako AAri buruzko Europako bi proiekturen buru izan da Erkuden (AI4CYBER eta DYNABIC), zeinak arrakastaz bukatu baitira oraintsu.
Izaskun Onandia. 20 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta segurtasun fisikoa, zibersegurtasuna, datuaren gobernantza eta informazioaren segurtasuna estrategia global bakar batean integratzeko lanaren gidaria da. Teknologia berriekiko duen grinak hainbat sektoretan lan egitera eraman du, hala nola enpresa elektrikoa, aeronautikaren sektorea eta finantza-sektorea. Azken horretan, soluzio berritzaileak inplementatu eta ziurtatu ditu. Zibersegurtasunarekiko duen pasioa dela eta, irakasle izan da Segurtasuneko Unibertsitate Masterrean eta ekarpenak egin ditu zibersegurtasunaren hainbat arlotan, eta, gainera, beste pertsona batzuen mentore izan da arlo horretan bertan.
Ana Ayerbe. TECNALIAko Unitate DIGITALeko Cores Arloko zuzendaria da; bertan, domeinu anitzeko eraldaketa digitala gaitzen duten teknologiak ikertzen dira, hala nola zibersegurtasuna, ikuspena eta adimen artifiziala, eta datuen gobernantza. Horretaz gain, RENIC - Zibersegurtasuna Ikertzeko Bikaintasun Zentroen Espainiako Sareko presidentea da. Gaur egun, aditu gisa parte hartzen du Zibersegurtasunaren Foro Nazionaleko lantaldeetan, eta, Cyberzaintzako (Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia) Aholku Batzordeko kide izateaz gainera, ECSO (European Cybersecurity Organisation) Zibersegurtasunaren Europako Plataformako Zuzendaritza Batzordeko kide, WOMEN4CYBER ekimenaren kontseiluko kide eta Espainiako atalaren sortzaile ere bada. Aurretik, ENISAko SCCGko (Stakeholder Cybersecurity Certification Group) kide izan zen.

