Nola jarri martxan industriarako datu-arkitektura bat. Ormazabalen kasu praktikoa
Aro digitaleko datu-arkitekturari buruzko lehenengo saioaren ondoren, non "smart factory" arkitektura baten ikuspegi orokorra eta printzipio teknikoak azaldu baitziren, benetako kasu praktiko batera bideratuko da topaketa berri hau: egitura horren beraren inplementazioa Ormazabalen —hain zuzen, sare elektrikoetarako soluzio teknologikoetan lider den enpresan—.
Jardunaldian zehar ikusiko dugu nola inplementatu duen Ormazabalek, industriaren esparruan, datu-arkitektura bat, OT eta IT sistemak batzen dituena eta datu-eredu sendo bat ezartzen duena instalazioak administrazio-eremuekin lotzeko. Zehatz-mehatz deskribatuko da nola sortu, garatu eta inplementatu den azpiegitura hibrido bat datuak denbora errealean atzemateko, kudeatzeko eta aztertzeko, bai eta nola, eraldaketa horri esker, hobekuntzak inplementatu ahal izan diren. Aldi berean, prozesuan ikasitakoak eta horrelako proiektuei ekitean kontuan izan beharreko gomendioak azpimarratuko dira.
Horretarako, Alfonso Sardón Zabaleta izango dugu (Ormazabal - Velatia, Digital Transformation Manager eta Open Innovation)
Helburuak
- Ormazabalen datu-arkitektura baten ezarpena nola planifikatu eta egikaritu zen erakustea.
- Industria-inguruneetan OT/IT konektibitaterako erronka eta soluzio nagusiak azaltzea.
- Elkarri ezagutaraztea datuak gobernatzeari, analitika aurreratuari eta teknologia hibridoak erabiltzeari buruz ikasitakoa.
- Ikuspegi praktikoa eta aplikagarria eskaintzea produktibitatea eta analisi-ahalmena hobetu nahi duten beste industria-enpresa batzuei.
Norentzat
Batez ere, industria-sektorea. IT/OTko arduradunak, fabrikazio-instalazioetako zuzendariak, datu-arduradunak, zuzendari nagusiak eta eraldaketa digitaleko zuzendariak, datuak eskura izateko eta prestatzeko plataformak eta metodologiak aztertzen ari direnak, industria-prozesuei analitika prediktiboa eta preskriptiboa aplikatzeko eta enpresaren produktibitatea hobetzeko, bai ekoizpenaren optimizaziorako (smart factory), bai produktuen serbitizaziorako (product servitization).
Hizlariak
Alfonso Sardón Zabaleta - Digital Transformation & Open Innovation, Ormazabal
Alfonsok 15 urte baino gehiagoko esperientzia du arlo teknologikoan, eta eraldaketa digitalean eta berrikuntza irekian espezializatua dago. Bere ibilbidean zehar softwarea garatzeko taldeak gidatu ditu, eta ingurune konplexuetan efizientzia eta lankidetza bultzatzeko metodologia arinak aplikatu ditu.
Gaur egun, Alfontsok ekimen estrategikoak bultzatzen ditu Ormazabalen, prozesu industrialak digitalizatzera eta 4.0 Industriarako teknologia giltzarriak ezartzera bideratuak. Haren lanaren funtsa da soluzio digitalak inplementatzea, eragiketak optimizatzeko, erabakiak hobekiago hartzeko eta negozio-ereduen bilakaera bizkortzeko.
Haren profilean, oinarri tekniko sendoa eta ikuspegi berritzailea uztartzen dira, zeinaren bidez teknologia eta erakundeen benetako beharrak konektatzen baitira. Automatizazio-proiektuetan, sistemen integrazioan eta tresna adimendunen garapenean aritu da, beti bezeroarentzako balioan oinarritutako ikuspegiaren arabera.
Gainera, Alfonsok sutsuki aldezten du berrikuntza irekia eraldaketarako motor gisa. Hori dela eta, startupekin, zentro teknologikoekin eta ekosistema ekintzaileekin lankidetzan dihardu, gaitasun berriak txertatzeko eta industria-sektorearen berrikuntza bizkortzeko.
Aitor Artola - Teknologien eta Produkzioaren zuzendaria Datu(a)n.
25 urte baino gehiagoko esperientzia datuen kudeaketan eta analisi aurreratuan eta Big Datan, hainbat sektoretan: Ecommerce, telekomunikazioak, zibersegurtasuna, industria eta retail...
Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritza Industrialeko ikasketak egin ondoren, hainbat herrialdetan (Irlanda, Alemania, Erresuma Batua) eta enpresa teknologiko multinazionaletan egin du lan, hasiera batean garapen eta sistemetako teknikari gisa, eta proiektu teknologiko handien kudeaketara bideratutako jardueretara eboluzionatu du, analisi, arkitektura, egikaritza eta taldeen zuzendaritzatik abiatuta.
2022an, duela gutxi sortutako Datu(a) enpresan sartu zen, teknologien eta ekoizpenaren zuzendari gisa, eta haren hazkundean parte hartu zuen. Gaur egun, Datu(a)n jarraitzen du lanean.
