Makinaren irudimena: artera bidaia eta kode irekia (Euskal Encounter)
OpenGune - SPRI-Enpresa Digitala tailerren gunean
Inoiz amestu duzu irudi ikusgarriak sortzeko gai zarela irudimen hutsarekin eta hitz gutxi batzuekin? Ikusi nahi duzu adimen artifiziala nola ari den iraultzen arte digitalaren mundua, erraz eta doan?
Tailer hau zuretzat da!
Tailer honetan, bidaia zoragarri bat egingo dugu irudiak sortzen dituen adimen artifizialaren unibertsora, software libreko tresnak soilik erabiliz. Ohartuko zara ez duzula teknologian aditua izan beharrik zure ideia sortzaileenei bizia emateko.
Saio praktiko eta atsegin honetan, Krita aztertuko dugu, pintura digitaleko ahalmen handiko estudio bat, doakoa eta kode irekikoa, baita potentzial handia duten beste programa batzuk eta onlineko tresna erabilerraz batzuk ere.
Ikusiko dugu nola, adimen artifizialeko tresnen integrazioari esker, orain hauek denak egin daitezkeen:
- Ezerezetik sortzea: Deskribapen sinpleak idazten ikasiko duzu ('prompt'-ak), AAk irudi berezi eta harrigarriak sor ditzan. "Van Goghen estilora Marten zaldiz dabilen astronauta” eta "ilargiaren argiak bustitzen duen baso sorgindua”, adibidez. Zure irudimena da muga bakarra!
- Zure zirriborroak itxuraldatu: Baduzu ideia bat, baina ez dakizu nola findu? Zirriborro azkar bat egin dezakezu, eta adimen artifizialari utzi interpretatzen eta artelan xehatu bihurtzen.
- Modu magikoan editatu: Tresna intuitibo batzuk ikusiko ditugu, irudiak modu harrigarrian aldatzeko aukera emango digutenak. Argazki bateko objektu bat ezabatu nahi duzu? Edo paisaia bat bere jatorrizko ertzetatik harago hedatu? Ikusiko dugu nola AAk irudiak bete eta hedatu ditzakeen modu koherente eta sortzailean.
Izena emateko
Ekitaldi hau 2025eko Euskal Encounterren programaren atal bat da. Lekua mugatua da, beraz, aldez aurretik izena eman behar da. Izena eman dutenek eta lekua dutela esanez egiaztapena jaso dutenek baino ezingo dute parte hartu.
Norentzat
Tailer hau bereziki diseinatuta dago artistentzat, diseinatzaileentzat, jakin-mina dutenentzat eta sormenean eta teknologian interesa duen edonorentzat, aurrez programazioari eta adimen artifizialari buruz ezer jakin beharrik izan gabe. Ordenagailua erabiltzen badakizu, hasteko behar duzun guztia eskura duzu!
Zer eskuratuko duzu?
- Adimen artifizial sortzailea zer den eta nola funtzionatzen duen argi eta garbi ulertuko duzu.
- Zure ordenagailuan Krita (eta bere AAko luzapenak) eta haren moduko software libreko tresnak instalatzeko eta erabiltzeko gaitasuna lortuko duzu.
- Inspirazioa eta oinarrizko trebetasunak jasoko dituzu adimen artifizialak lagunduta artelanak sortzen hasteko.
- Sormenaren etorkizunari eta gizakien eta makinen arteko lankidetzari buruzko ikuspegi berri bat ikasiko duzu
Zatoz gurekin abentura honetan, eta ezagutu “makinaren irudimenaren” indarra! Zatoz mundu berri bat esploratzera, non zure sormenak eta kode irekiak bat egiten duten.
Hizlaria
Asier Rohde, Adimen artifizialeko aholkulari eta prestatzailea