Featured image

IoT-rako aplikazio mugikorrak garatzea programazio bisuala erabiliz

Gauzen Interneten (IoT) ekosisteman, smartphonea funtsezko gailu gisa nabarmentzen da. Sistemaren terminal eramangarri bat izanik, aukera ematen du noiznahi eta nonahi informazioa ikusteko, jakinarazpenak jasotzeko, aginduak bidaltzeko eta sistemaren konfigurazio-parametroak doitzeko. Horregatik, funtsezkoa da garatzera goazen IoT proiektuetan integratzeko aukera ematen duten aplikazioak sortzeko gai izatea telefono mugikorretarako.

Mugikor-programazioari buruzko ikastaro bat egiteko ehunka ordu beharko genituzke, edukien kantitatea eta konplexutasuna dela eta. Baina bada aplikazioak garatzeko beste modu bat, ez duena kode-lerrorik idazteko beharrik, hau da, ez duena programazio-lengoaia konbentzionalik erabiltzeko beharrik. Programazio bisuala, grafikoa edo blokekako programazioa ere esaten zaio. Programazio-mota horren ezaugarri nagusia da puzzle bateko piezak balira bezala elkarren artean konektatzen diren bloke grafikoek osatutako sistema bat dela; bloke horien bidez modu bisual batean osatzen da algoritmoa, hots, programaren logika.

Bi abantaila nagusi ditu metodologia horrek:

  • Batetik, ikasketa-prozesua sinplifikatzen da, intuitiboagoa eta eskuragarriagoa baita, eta, horri esker, edonork garatu ditzake mugikor-aplikazioak.
  • Bestetik, programatzaileak, aplikazio bat sortzen ari denean, algoritmoaren eraikuntzan jar dezake arreta guztia, eta hori oso garrantzitsua da, distrakzioak eta lengoaia konbentzionalen sintaxiaren mugak saihesten baitira hala.

Helburua

Tailerraren helburua da koderik idatzi beharrik gabe mugikor-aplikazioak garatzen ikastea, programazio bisuala erabiliz. Horretarako, MIT App Inventor plataforma aurkeztuko da, objektuetara bideratutako programazio bisualeko doako web-plataforma ospetsu eta ezagun bat.

Programazio bisualak abantailak dakartza, bai erabiltzaileentzat, bai aplikatzen duten enpresentzat. Enpresaren barruan sormena eta berrikuntza sustatzen ditu, eta oso erabilgarria da langileek —garatzaileak izan edo ez— barne-prozesuak hobetzeko, zeregin errepikakorrak automatizatzeko edo dauden arazoak konpontzeko soluzio azkar eta eraginkorrak bilatzeko, enpresa beregainagoa, produktiboagoa eta efizienteagoa izan dadin.

Eskakizunak

Ariketa praktikoetarako, parte-hartzaile bakoitzak bere smartphonea eduki behar du.

Norentzat

Metodologia intuitiboa denez, aplikazio mugikorrak sortzen ikasi nahi duten guztientzat da egokia, baita programazioan esperientziarik ez dutenentzat ere.

Egitaraua

  • Programazio bisuala. Sarrera.
  • Programazio bisualeko MIT App Inventor web-plataforma.
  • Erabiltzaileen interfaze grafikoak sortzea smartphoneetan. Diseinatzailea eta haren elementuak.
  • Funtzionalitateen programazioa. Algoritmoa eraikitzeko bloke-mota desberdinak
  • Baliabideekin lan egitea (irudiak eta soinuak)
  • Barneko eta kanpoko sentsoreak
  • Pantaila grafikoa
  • Jakinarazpenak
  • Ahotsa ezagutzea eta testua ahots bihurtzea
  • AAk bultzatutako ChatBot (ChatGPT)
  • MQTT komunikazio-protokoloa
  • IoT gailuen urruneko kontrola
  • Hodeian oinarritutako gailuen arteko informazio-transferentzia
  • Irudiak denbora errealean transmititzea urruneko IoT gailuetatik
  • IoT sistemen urruneko konfigurazioa
  • API REST batetik informazioa lortzea. JSON deskodetzea

Hizlaria

Pablo Falagán Cano. Industria-ingeniaria, Produktu Elektronikoen Garapeneko goi-mailako teknikaria eta Enplegurako Lanbide Heziketako irakaslea naiz. Maite ditut elektronika eta programazioa, eta izugarri gustatzen zait aplikazioak sortzen irakastea. Interesatzen zitzaidalako hasi nintzen programazioaren munduan, lehen mikroordenagailuak agertu zirenean. Aurrez aurreko ikastaroen bidez nahiz nire kontura trebatu naiz. Azken urteotan, gauzen Interneterako aplikazioak garatzen espezializatu naiz, mikrokontroladoreen eta smartphoneen programazioan batez ere.