Featured image

Errealitate hedatuak eta adimen artifizialak industriari eta enpresa-berrikuntzari ekartzen dizkieten aurrerapenak eta erronkak

2021eko urrian, Mark Zuckerbergek iragarri zuen “Facebook” izena “Meta” izenera aldatuko zela, eta agerian utzi zuen gero eta interes handiagoa dagoela metabertsoarekin. Kontzeptua ez da berria; bilakaera izan du, eta, gaur egun, inflexio-puntu batean gaude, errealitate hedatua egindako aurrerapenei eta 2023an adimen artifizial sortzailea agertzeari esker.

Jardunaldi honetan, aldaketa iraultzaile berri batzuetan sakonduko dugu, zeinak murgiltze-teknologien bidez gure itxaropenak birdefinitzen ari baitira adimen artifiziala bultzatzearekin batera.

Gaur egungo zenbait erabilera-kasu aztertuko ditugu, eta erakutsiko dugu ezen teknologia horiek, murgiltze-esperientzia aberatsagoak sortzen ez ezik, gizarte-elkarreraginerako, ikaskuntzarako, entretenimendurako eta negozioetarako modu berriak ere eskaintzen ari direla. Halaber, datorren urterako espero ditzakegun erronka eta berritasunei helduko diegu: errealitate birtual eta areagoturako gailuak hobetzea, metabertsoaz dugun ulermena eta haren erabilgarritasun praktikoa are gehiago eraldatuko duten aurrerapenak egitea adimen artifizialeko algoritmoetan…

Jardunaldi hau aukera da teknologia horien oraina hobeto ulertzeko eta mundu teknologiko aldakor batean espero dugun etorkizuna aurreikusteko. Zatozte gurekin, ezagutzeko zer eragin duten errealitate hedatuak eta adimen artifizialak gure eguneroko bizitzan eta enpresa-munduan, eta ikusteko zer aukera mugagabe eskainiko dizkiguten teknologia horiek 2024an.

Norentzat

Enpresaren, hezkuntzaren, kulturaren, ikus-entzunezkoen, komunikazioaren eta marketinaren arloetako profesionalak eta, oro har, edozein sektoretako profesionalak, interesa badute teknologia horien punta-puntakoenean eta jakin nahi badute nola aurreikusten den etorkizun hurbilean garatuko direla.

Egitaraua

09:15 – Bertaratuei harrera egitea
09:30 – Jardunaldiaren hasiera eta hitzaldiak

  • Etorkizuneko errealitate hedatuko murgiltze-esperientzien erronka teknologikoak.
    Mikel Zorrilla, Digital Media & Communications saileko Zuzendaria (VICOMTECH)
  • Errealitate birtuala HSE arloko ikaskuntzaren indartzaile gisa.
    Mikel Calvo, Sortzailea eta Lead VR Designer (LUDUS GLOBAL)
  • Ikus-entzunezko berrikuntza adimen artifizialeko teknologien eta errealitate birtualaren bidez.
    Sara Mauleón Carbayo, CEO (SHYNCRICA)
  • Pertsonalizazioa XRn: Gizakiarekin konektatzea
    Ana Moya eta Leire Bastida, Interakzio Aurreratuko Plataforma (TECNALIA)
  • Upskillinga eta etorkizuneko lanak adimen artifizialaren eta errealitate hedatuaren aroan.
    Jorge R. López Benito, CEO  (ACCELERA SKILLS)
  • Kasu arrakastatsu bat: Marketina errealitate areagotuarekin eraldatzen.
    Estibaliz de la Calle Cancela, Marketineko eta Negozio Garapeneko Zuzendaria (DMT – DOMIX TECHNOLOGY)
  • Adimen artifiziala esnatzen denean, kodeak aldatuko dira.
    Jorge Campanillas, Abokatua (IURISMATICA ABOGADOS)

11:45 – Coffee-Break
12:15 – Mahai-ingurua
13:15 – Galderak egiteko txanda
13:45 – Jardunaldiaren amaiera

Hizlariak

Mikel Zorrilla | VICOMTECH

Telekomunikazioko ingeniaria (Mondragon Unibertsitatea), Sistema Informatiko Aurreratuetako Masterra (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta doktorea (Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatea). 2007az geroztik, Vicomtech ikerketa aplikatuko zentro teknologikoan lan egiten du, eta, gaur egun, Digital Media & Communications saileko zuzendaria da. Bertan, estatuan eta nazioartean zenbait ikerketa-proiektutan buru eta partaide izan da. Lehenago, Ikerlan teknologia-zentroko komunikazioen arloan lan egin zuen. Aditua da, batez ere, multimedia-edukia duten interakzio-teknologietan, multimedia-estandarretan, bideo-fluxuen kudeaketan eta hari gabeko sareen teknologia aurreratuetan (5G/6G). Deustuko Unibertsitateko irakasle elkartua izan da, eta gaur egun irakasle elkartua da UOCen (Universitat Oberta de Catalunya), Multimedia graduan eta Multimedia Aplikazioak masterrean.

Mikel Calvo | LUDUS GLOBAL

Diseinatzailea, simulazioetan eta serious games ingurune korporatibo eta industrialetan 12 urteko esperientzia duena. Soluzio digital interaktiboen bidez ikaskuntza iraultzen jarduten duen Ludus Global enpresaren sortzailea eta Lead VR Designer-a da; enpresaren hazkundea eta hedapena gidatu ditu, eta, hala, erreferente bihurtu du HSE arloko hezkuntza digitalaren industrian. Bere lantaldearekin batera, enpresak zenbait produktu eta plataforma berritzaile diseinatu ditu, ikasleek eta irakasleek elkarri eragiteko eta ikasteko duten moduan eragin positiboa izan dutenak. 18 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta urtean 20.000 prestakuntza baino gehiago ematen dizkie bere bezeroei, hala nola Boschi, Siemensi, Coca Colari, BMWri eta Legori.

Sara Mauleón Carbayo | SHYNCRICA

Sara Mauleón eduki digitalen sorkuntzan eta ikus-entzunezko produkzioan espezializatutako Shyncrica marketin-agentzia sortzailearen CEOa eta sortzaileetako bat da. Han, duela 10 urtetik hona, marketin- eta komunikazio-erronkak betetzen laguntzen die enpresei, ikus-entzunezko sormen-kanpainak eta -edukiak sortuz. Sara epaimahaikide izan da Donostiako Jaialdian (SSIFF) eta DieSeriale serie digitalen Alemaniako jaialdian, besteak beste, eta ekoizle eta errealizadore lanean hartu du parte Gasteizko lehen film kolektiboan (Begirada), bere Muga film laburrarekin. (H)emen Elkarteko (EAEko arte eszenikoen arloko emakumeen elkartea) batzordeko kide da. Sare sozialen eta formatu laburreko bideoen (TikTok, Reels) arloko hezitzaile jarduten du MBAe3 Ekintzailetza eta Enpresa Zuzendaritzako Masterrarentzat, Portugaleteko Udalarentzat, Bilboko Merkataritza Ganberarentzat, Gaztenpresarentzat eta abarrentzat.

Ana Moya | TECNALIA

Informatikako goi-mailako ingeniaria Deustuko Unibertsitatean, eta masterra Bartzelonako IEBSren Gamifikazio, Erabiltzaile-esperientzia eta Transmedia Narratibetan. Gaur egun, Tecnaliako eServices arloko Industria eta Mugikortasuneko Unitate Operatiboko kidea da, eta hauekin lotutako proiektuak kudeatzen ditu: HF (giza faktoreak), erabiltzailearen esperientzia (UX), eta gamifikazioa eta murgiltze-esperientziak (XR) hezkuntzan, osasungintzan, industrian, negozioetan eta antzeko testuinguruetan. Era berean, zenbait ikerketa-proiektutan parte hartzen du, zeinetan, neurozientzia-tresnen bidez, neurtzen baititu erabiltzaileen erreakzio psikofisiologikoak, erabiltzaile-esperientzia baliozkotzen den unean zentzumenen bidez estimuluak hautematen dituztenean. Ikaskuntza-inguruneei aplikatutako motibazio-eredu berriak ere ikertzen ditu, bai eta helburuak lortzeko portaera-aldaketak ere.

Leire Bastida | TECNALIA

Konputazio Zientzietan doktorea Deustuko Unibertsitatean, 2008an; Executive MBA ESEUNEn, 2015ean; eta Gamifikazioan eta Narratiba Transmedian masterra IEBSn. Leire, TECNALIAn, Interakzio Aurreratuko Plataformaren arduraduna da. Leirek esperientzia handia du, ikerketa-proiektu askotan parte hartu eta koordinatu baititu, bai estatuan, bai Europan. Aditu gisa, gai hauetan jardun da: giza faktoreak, gamifikazioa eta game design, user experience (UX), interakzio-sistemak eta errealitate hedatuaren sistema. 2012az geroztik, Batzordearen kanpo-aditua eta begiralea da, eta finantzatutako proposamenak nahiz proiektuak aztertzen ditu.

Jorge R. López Benito | ACCELERA SKILLS

25 urteko eskarmentua du teknologia informatikoetan (hala nola zibersegurtasuna, birtualizazioa, murgiltze-teknologiak, adimen artifiziala eta web3). 2010az geroztik, CEOa da CreativiTIC enpresan, zeina aitzindaria baita errealitate hedatua ikertzen eta industriaren, osasunaren eta hezkuntzaren esparruetan aplikatzen, eta beste enpresa-ekimen batzuetan, hala nola MetAClass Studio, Gate8 Games eta Accelera Skills. Dibulgatzaile teknologikoa da, eta Deustuko Unibertsitateko irakasle elkartua, Informatikako Ingeniaritza eta Komunikazio graduetan. Zenbait sari profesional eman dizkiote; besteak beste, Europako Batzordeko Innovation Radaren“Key Innovator in Augmented Reality” saria. 2018tik, Europako Batzordeko ebaluatzaile aditua da, eta inbertsioei buruzko erabakiak hartzen laguntzen du HaDEAn, DG Connect-en, Europako Berrikuntza Kontseiluaren EIC Accelerator programan… bai eta Zipreko Gobernuaren Ikerketa eta Berrikuntzarako Fundazioaren (RIF) RESTART programan ere.

Estibaliz de la Calle Cancela | DMT – DOMIX TECHNOLOGY

Marketinaren eta negozio-garapenaren arloan espezializatutako profesionala. Gaur egun, Marketineko eta Negozio Garapeneko zuzendaria da DMT | DoMix Technology enpresan, eta arlo hauetan espezializatuta dago: produktua saltzeko eta kokatzeko estrategiak gidatzen, negozio-lerro berriak garatzen eta merkaturatzen, produktuak merkaturatzen eta konpainiaren barneko eta kanpoko komunikazioa koordinatzen. Aurretik, Negozioaren Garapena eta Marketina saileko arduraduna izan zen, eta merkataritza-estrategiak diseinatzen eta gauzatzen espezializatu zen. Aholkularitza estrategikoko eta sozialeko trebetasunak ditu, eta gaitasun handia du sektoreko enpresa-hazkundea eta berrikuntza bultzatzeko. Aurretiko lan-esperientzia du, besteak beste, proiektua eta produktua nazioartekotzeko eta kudeatzeko lanpostuetan, hala nola ADI | Advanced Development & Innovation enpresan eta Ihoben (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa).

Jorge Campanillas | IURISMATICA ABOGADOS

Abokatua eta "Iurismatica Abogados" abokatu-bulegoaren sortzailea. EventosJuridicos.com atariko arduraduna da, zeina liderra baita sektore juridikoko gertaerei buruzko informazioan. Komunikabideetako ohiko kolaboratzailea da, zuzenbide digitalaren zabalkundean.

Aurkezlea eta moderatzailea

Enara Artetxe González | CREATIVITIC

Industriari, osasunari, hezkuntzari eta beste zenbait esparruri aplikatutako teknologia murgiltzaileetan eta adimen artifizialean espezializatutako teknologoa. CreativiTICeko zuzendari teknikoa da, eta "MetAClass Studio" metabertsorako hezkuntza-plataformaren garatzaile nagusia, eta Deustuko Unibertsitateko irakasle elkartua.

Aurreko edizioak »»