Bideojokoak diseinatzeko oinarriak: ideiatik game conceptera
Bideojokoen diseinuak sormena, narratiba, interakzioa eta teknika bateratzen ditu esperientzia jostagarriei bizia emateko. Haren oinarriak ulertzeak aukera ematen du, jokoak hobeto aztertu eta gozatzeko ez ezik, jokoak sortzen hasteko ere, nahiz eta programazioari edo arte digitalari buruzko aldez aurreko ezagutzarik ez izan.
Bideojokoen diseinuaren munduan lehen urratsak egin nahi dituztenei zuzenduta dago bideojokoen hastapeneko tailer hau. Dinamika praktikoen, benetako adibideen eta talde-ariketen bidez, edozein bideojokoren oinarrizko zutabeak ezagutuko ditugu: mekanikak, narratiba, pertsonaiak, mailak eta jokalariaren esperientzia. Halaber, aztertuko dugu bideojoko baten proiektua zer fasetatik pasatzen den hasierako ideiatik ekoizten den arte.
Ikuspegi sortzaile eta parte-hartzailea du tailerrak. Tresna errazekin egingo dugu lan (papera, arkatza eta ahozko dinamikak), aukera emango baitigute diseinu-pentsamenduan arreta jartzeko, teknologia konplexurik behar izan gabe.
Helburuak
Bideojokoen diseinuaren funtsezko kontzeptuak eta faseak ulertzea, eta joko bat osatzen duten funtsezko elementuak aztertzea. Amaitzean, parte-hartzaileek oinarri kontzeptual eta praktikoa izango dute, eta horrek beren joko-ideiak modu egituratu eta sortzailean garatzeko aukera emango die.
Norentzat
- Bideojokoaren munduan interesa duten profesionalak, bai ikuspegi sortzailetik edo narratibotik, bai industrian aplikatzeko entretenimendu interaktiboaren ikuspegitik.
- Bideojokoen diseinuan hasi nahi duten profesionalak, arlo hauetakoak: diseinua, komunikazioa, sormena, narratiba eta artea.
- Bideojokoaren edo serious gameen tekniketan oinarrituriko aplikazioak nola garatu ikasi nahi duten teknikari, ingeniari edo erabaki-hartzaileak.
- Bideojokoen dinamikak beste ingurune batzuetan aplikatu nahi dituzten ikasle eta irakasleak eta profil sozioedukatiboko pertsonak.
Egitaraua
Bideojokoen diseinua: sarrera
- Zer esan nahi du joko bat diseinatzeak? Bideojokoen eta haien diseinuaren historia laburra.
- Diziplina anitzeko talde baten barruan diseinatzaileak duen rola.
- Jokoen eta esperientzia interaktiboen motak.
Bideojoko bat garatzeko faseak
- Ideiatik azken produktura: kontzeptua, diseinua, ekoizpena, testatzea eta argitaratzea.
- Etapak: zer gertatzen den bakoitzean eta zer parte duen diseinuan.
- Proiektuen eta haien bilakaeraren adibide praktikoak.
- Zer da GDD bat? Erabilgarritasuna, egitura eta atal nagusiak.
Diseinuaren oinarriak: mekanikak, dinamikak eta estetika
- MDA eredua (Mekanika – Dinamika – Estetika).
- Zer da joko-mekanika bat, eta nola diseinatzen da?
- Dinamikek nola eragiten dioten jokalariaren esperientziari.
- Jokoaren estetika: tonua, emozioak, kolorea, estiloa eta koherentzia.
Narrazioen eta pertsonaien diseinua
- Bideojokoetako narratiba-motak: lineala, emergentea eta ingurunekoa.
- Nola kontatu istorio bat jokoaren bidez.
- Pertsonaiak diseinatzea: rolak, motibazioak eta jokoan duten funtzionaltasuna.
- Adibide praktikoa: gidoiaren sinopsia eta pertsonaien fitxak.
Mailen diseinua (level design)
- Mailak diseinatzeko oinarrizko printzipioak: fluxua, erronka eta esplorazioa.
- Ariketa praktikoa: maila sinple baten zirriborroa egitea paperean.
- Espazioak nola eragiten duen jostagarritasunean.
Talde-dinamika: Oinarrizko joko-diseinuko dokumentu (GDD) bat sortzea
- Talde-praktika: Gai komun batetik abiatuta ideia bat asmatzea.
- Oinarrizko diseinu-fitxa bat (game concept) sortzea eta elkarlanean idaztea.
- Ideiak aurkeztea eta talde-feedbacka.
Amaiera: egoera profesionala eta tresnen ikuspegia
- Sektorean erabiltzen diren tresnak: motor grafikoak, hala nola Unity eta Unreal.
- Bideojokoen garapenaren arloko profil profesionalak eta lan-irteerak.
- Baliabideak: komunitateak, ikastaroak, game jams eta doako motorrak.