Featured image

AA sortzaileak Metabertsoa hil al du? Edo haren zain zegoen? (Euskal Encounter)

OpenGune - Hitzaldien gunean

Hilabete gutxian AA Sortzaileak gure bizitzak aldatu ditu; hainbesteraino, non ezin baitugu ziurtatu testu hau bera ChatGPTk idatzi duen. Jendea metabertsoa ahazten ari da, eta azkeneko joera adimen artifiziala da. Baina ChatGPT, Midjourney, Stable Difussion eta antzeko tresnak gure bizitzak guztiz aldatzeko egunero azaltzen diren arren, ezin dugu esan metabertsoa desagertzen ari denik; garatzeko eta definitzeko prozesuan dago, eta prozesu motel eta garesti horrek baditu zenbait erronka teknologiko oraindik konpontzeke.

Metabertsoa AA Sortzailearen zain zegoen modu masibo, azkar eta eraginkorrean garatzeko. Zenbait motor grafiko, hala nola Unity3D, dagoeneko AAko ekosistema ireki eta bakar bat eraikitzen ari dira, zeinak gure eta milioika sortzaileren eskura jarriko baititu AAk bultzatutako bideojokoen garapenerako tresnak. Haiei esker, 3D edukiak eta esperientziak sortu ahal izango ditugu milaka milioi erabiltzailerentzat. Are gehiago, bertsio berri bat eman dute aditzera, testu-formatuko aginduak onar ditzakeena ‘prompt’ baten bidez, objektuak eta 3D mundu osoak sortzeko, eta “Unity AI” izena jarri diote. Adimen artifizialak bete egin ditu metabertsoak halabeharrez egin nahi zituen hitzemate guztiak, eta biak dira gu dimentsio berri batera eramateko gertu dauden osagarriak.

Hitzaldian honako hauek errepasatuko ditugu: AA Sortzaileak azken hilabeteetan gure gizarteari ekarri dizkion aldaketak, nola eman dien falta zitzaien bultzada errealitate birtualeko eta areagotuko murgiltze-teknologiei, eta zein gailu, erronka eta etorkizun hurbil dugun eskura. Parte hartuko duzu?

Izena emateko

Ekitaldi hau 2023ko Euskal Encounterren programaren atal bat da. Lekua mugatua da.

Norentzat

Publiko orokorra eta hurrengo bilakaera teknologikoa ezagutzeko interesa duen pertsona oro.

Hizlaria

Jorge R. López Benitok 15 urte baino gehiagoko esperientzia dauka murgiltze-teknologien alorrean (AR/VR), web3an, metabertsoan, adimen artifizialean eta bideojokoetan. CreativiTIC enpresaren sortzailea eta CEOa da, eta beste zenbait ekimenena, hala nola MetAClass Studio, Gate8.Games eta Accelera Skills. Dibulgatzailea da, eta gai horri buruzko 30 argitalpen, liburu eta patente baino gehiago argitaratu ditu, zenbait unibertsitate eta entitate hezigarrirekin elkarlanean aritzen da, Deustuko Unibertsitate irakasle elkartua da irakasgai hauetan: "Errealitate Birtualeko eta Areagotuko Aplikazioen garapena”, "Teknologia Interaktibo Aurreratuak” eta "Multimedia Interaktiboa eta Bideojokoak”. 2018tik errealitate areagotuko eta adimen artifizialeko teknologiak ikertu eta finantzatzeko programen ebaluatzaile aditua da nazioarteko zenbait agentziarentzat, hala nola EIC Accelerator, Berrikuntzako Europako Kontseiluarena (Europako Batzordea), eta RIF, Zipreko Gobernuaren Ikerketa eta Berrikuntzarako Fundazioa.

Aurreko edizioak »»