Featured image

AA pribatua zure ordenagailuan: ikasi LLM lokalak erabiltzen zure datuak baliatuta eta bete AI Act-a (Euskal Encounter)

OpenGune - SPRI-Enpresa Digitala tailerren gunean

Tailer praktiko honetan, ikasiko duzu zer abantaila dituen adimen artifizial sortzailea modu pribatu, seguru eta kontrolatuagoan erabiltzeak, hizkuntza-ereduak (LLMak) zuzenean zure ordenagailuan exekutatuz, modu lokalean, eta zure datuekin modu pribatuan hitz eginez.

Alde batetik, ikusiko dugu zein diren AI Act-en gakoak (Europar Batasuneko Adimen Artifizialari buruzko Legea), lege horren zer atal hasiko diren aplikatzen abuztuaren 2an eta nolako eragina duen AAko sistemen erabileran: arrisku-mailaren araberako sailkapena, oinarrizko betebeharrak, datuen pribatutasuna eta AAko tresnak arduraz erabiltzeko jardunbide egokiak.

Alde teknikoari dagokionez, berriz, ikusiko dugu kode irekiko zer aukera erabil daitezkeen hodeiko zerbitzuen ordez, zer abantaila eta nolako eskalagarritasuna duten aukera horiek, nola instalatu eta exekutatu LLMak lokalean, nola prestatu bezero/zerbitzari ingurune pribatu bat eta nola konektatu datu-dokumentuak edo -karpetak haiekin modu seguruan hitz egiteko.

Helburua

Parte-hartzaileek, batetik, ulertzea zenbaterainoko eragina duen Adimen Artifizialari buruzko Legearen (AI Act) aplikazio progresiboak eta, bestetik, ezagutzea zer aukera tekniko erreal dauden AA lokala erabiltzeko. Hala, ikuspegi praktikoa lortuko dute, beren datuekin modu seguruan esperimentatzen hasteko.

Izena emateko

Ekitaldi hau 2026ko Euskal Encounterren programaren atal bat da. Lekua mugatua da, beraz, aldez aurretik izena eman behar da. Izena eman dutenek eta lekua dutela esanez egiaztapena jaso dutenek baino ezingo dute parte hartu.

Norentzat

AA sortzailea eta LLMak ingurune lokaletan erabiltzeko, eta datuen pribatutasuna eta AI Act legea ezagutzeko interesa duten pertsonak. Hauentzat gomendatua: garatzaileak, arlo digitaleko profesionalak, sistemen arduradunak, irakasleak, ikertzaileak, ekintzaileak eta informatika-ezagutza oinarrizkoak dituzten erabiltzaile aurreratuak.

Hizlaria

Jorge R. López Benito. Qublian Group eta CreativiTIC Innova erakundeen sortzailea eta Deustuko Unibertsitateko irakasle gonbidatua. Ekintzailea eta deep tech-etako estratega da, eta esperientzia du adimen artifizialean, AR/VR murgiltze-teknologietan eta Web3n. 2019tik, Europako Batzordeko ebaluatzaile aditu gisa parte hartzen du Berrikuntzaren Europako Kontseiluaren EIC Accelerator programan, eta key Innovator gisa aintzatetsi du Europako Batzordearen Berrikuntza Radarrak. acceleraskills.com eta aisure.eu ekimenen bidez, eta Onda Vasca irratian AAri eta teknologiari buruzko programa bat eginez astelehenero, AA seguruari, LLM lokalei eta AI Acta betetzeari buruzko dibulgazioa egiten du, bai eta trebakuntza eta aplikazio praktikoa eskaini ere.