Featured image

2026an industria eta gizartea eraldatuko dituzten joera teknologikoak

Sentsorika kuantikoa, kriptografia postkuantikoa, adimen kolektiboko robotak, mundu birtualak, AA simulatzaile iraunkorra, identitate digital berriak

2026a beste muga teknologiko baten atarian dago, eta muga hori, industria ez ezik, errealitatea ikusteko dugun modua ere aldatzen ari da. Konputazio kuantikoak, kriptografia postkuantikoak, adimen artifizial simulatzaileak eta mundu birtualak adimen artifizial emergenteko robotikarekin eta oraindik zehazteke dauden identitate digitalekin bat egitearen ondorioz, ekosistema berri bat sortzen ari da. Ekosistema horretan, alderdi fisikoa eta birtuala, giza alderdia eta alderdi bionikoa gurutzatu egiten dira, bereizezin bihurtzeraino.

Jardunaldi honetan ikusiko dugunez, algoritmo kuantiko berriei esker, bizkorrago ebatziko dira atzora arte ezinezkoak ziren problemak, eta kriptografia postkuantikoak segurtasun globala birdefinituko du. Adimen artifizial emergente eta iraunkorren eginkizunean sakonduko dugu, zeinak gai baitira inoiz atseden hartzen ez duten ingurune birtualetan ikasteko, simulatzeko eta eboluzionatzeko.

Robotika kognitiboa, plataforma murgiltzaile interkonektatuak… Ikusiko dugun bezala, teknologia horiek bat egiten dute, eta balio- eta ekoizpen-proposamen berriak sortzen dituzte. Helburu argia du jardunaldiak: mugako teknologiek industrian, ekonomian eta pertsonen eguneroko bizitzan izango duten eraginari aurrea hartzea.

2026ak etapa berri bati ekingo dio: simulazioak, errealitate hedatuak eta adimen artifizialak, etorkizuneko tresna izateari utzi, eta teknologia erreal bihurtuko dira.

Jardunaldi honetan, 2026tik aurrera etorkizuna aldatuko duten joerak ezagutzera gonbidatzen zaituztegu.

Norentzat

Enpresa-, industria-, hezkuntza-, komunikazio- eta marketin-arloetako profesionalak, eta, oro har, beste edozein sektoretako profesionalak, baldin eta teknologia horien egoera eta etorkizun hurbilean izango duten garapenaren aurreikuspenak ezagutu nahi badituzte.

Egitaraua

09:30 - Jardunaldiaren hasiera instituzionala eta aurkezpena
09:40 - Hitzaldiak

  • Sentsorikaren eta konputazio kuantikoen aukerak eta proiektuak
  • Quantum-safe: teknologia kuantikoen arriskutik aukerara
  • AAko teknologia emergenteak
  • Identitate digitalaren oraina eta etorkizuna Euskadin
  • Nola trebatu zure robot taldea: adimen kolektibo berri baterantz
  • AA simulatzaile iraunkorra, mundu birtualak eta robot humanoideak? Distopia berri baten ataria

11:45 - Atsedenaldia
12:15 - Galde-erantzunak, “galdera-zaparrada” formatuan
12:45 - Mahai-ingurua eta jardunaldiko ondorioak
13:30 - Jardunaldiaren amaiera

Hizlariak

Alejandra Ruiz – TECNALIA
TECNALIAko teknologia kuantikoen (QTECH) arloko Proiektu-Zuzendaria  
2007an ESI (European Software Institute) erakundearekin bat egin zuen, sistema txertatuen taldeko kide gisa. Gerora, zentroak beste batzuekin bat egin zuen, eta TECNALIA sortu zuten 2010ean. Tecnalian, sistema txertatuen, zibersegurtasunaren eta segurtasunaren eta Software & Systems Lifecycle Innovation-en ekipoetan lan egin du. Sistema kritikoetako aseguramendu modularreko proiektuetan parte hartu du, bereziki automobilgintzan, sektore aeroespazialean, trenetan eta gailu medikoen arloan, eta ondo ezagutzen ditu segurtasun funtzionaleko estandar nagusiak, hala nola IEC 61508, IEC 62443, IEC 62304, DO178, ISO 26262. Hauek dira haren interes nagusiak: Sistema hibridoen (klasiko-kuantikoak) baliozkotze eta egiaztapen goiztiarra; algoritmo kuantikoen testinga; Quantum Key Distribution; eta komunikazio kuantikoen eraztunak.
2022an sortu zenetik, teknologia kuantikoen taldeko kidea da, eta Euskadiko teknologia kuantiko aplikatuen lehen proiektuak zuzendu ditu. Eskarmentu handia du Europako proiektuetan; besteak beste, FP7, ECSEL, Iberoeka, H2020 eta Horizon Europe proiektuetan parte hartu eta koordinatzaile jardun du. Alejandra telekomunikazioetako ingeniaria da, adimen artifizialeko master-titulua du, baita doktoretza ere, “A Harmonized Compositional Safety Assurance for Safety-Critical Systems” tesiagatik.

Oscar Lage– TECNALIA
Zibersegurtasuneko ikerketako Arduraduna 

Hizlaria eta irakaslea. Hainbat libururen egilekidea da, eta ohiko kolaboratzailea hedabide jeneralistetan (TB, irratia eta prentsa). Aktiboki parte hartzen du UNE/ISO normalizazio-batzordean, aholkulari gisa jarduten du ELGAren edo AAren Sandbox-ean, eta nazioarteko zibersegurtasun- eta blockchain-aliantza nagusietako kide da.

Iñaki Suarez – BAIC (BASQUE ARTIFICIAL INTELLIGENCE CENTER)
Teknologiako Zuzendaria

Ingeniari elektronikoa da, eta Adimen Artifizialean masterra du (AI4GOV). Ikuspegi globala eta estrategikoa ematen du, teknologia berriek ekonomia eta gizartea nola alda ditzaketen azaltzeko orduan; haren arabera, eragin positiboa sortu dezakete, eta jasangarritasuna eta lehiakortasuna hobetu. 
BAIC zentroaren helburua da Euskadin adimen artifizialaren ezarpena bizkortzea, modu etiko, kolaboratibo eta subiranoan, eta ikuspegi estrategikoa gidatzea maila teknologikoan. Nabarmentzekoa da teknologia konplexuak gizarteari eta enpresa-inguruneari mesede egiten dieten ezarpen-estrategia eta ekintza-plan bihurtzeko duen gaitasuna, baita haren zorroztasun teknikoa ere, eta diziplina anitzeko taldeak eta proiektuak kudeatzeko duen gaitasuna.

Ainhia Anitua – IZENPE
Marketineko Komunikazioko eta herritarrentzako arreta-zerbitzuetako Arduraduna

18 urte daramatza Izenpen lanean, publizitatean eta harreman publikoetan lizentziaduna da, eta administrazio eta gobernu elektronikoetan unibertsitate-masterra du. Denbora horretan, misio argia izan du: pertsonak guztiaren erdigunean jarriko dituzten esperientzia digitalak diseinatzea (UX/UI). 
Erabiltzaile-esperientziaren (CXM) erantzukizunetik, interakzio bakoitza konektatzeko eta bideratzeko aukera bat da; horretarako, intuitiboa, erabilerraza eta, batez ere, gizatiarra den customer journey bat prestatu behar da. Pertsona eta erakunde erabiltzaileek eta datuek ematen diguten itzulkina estrategia bihurtuz, produktu konplexuak herritarrentzako konponbide erraz, irisgarri eta erabilgarri bihurtuko ditugu. 

Iñaki Vazquez (PHD) – DEUSTUKO UNIBERTSITATEA
Ikertzailea eta irakaslea errefortzu bidezko ikaskuntzan eta Gauzen Interneten

Konputazio Zientzietan eta Adimen Artifizialean doktorea, Europeus doktorea aipamenarekin (Deustuko Unibertsitatea, Espainia; eta Lancasterko Unibertsitatea, Erresuma Batua). 2020tik 2023ra, Deusto – DeustoTech Institutu Teknologikoko zuzendaria izan zen. 
Ikertzailea eta irakaslea da Deustuko Unibertsitateko Errefortzu bidezko Ikaskuntzari eta Gauzen Interneti dagokien arloan, eta, bereziki, adimen artifizialeko teknikak robotika kognitiboaren eremuan aplikatzera bideratuta dago. Argitalpen ugari ditu aldizkarietan eta liburu-kapituluetan, baita nazioarteko biltzar entzutetsuetan ere. 

Jorge R. Lopez Benito – QUBLIAN
Deep Tech ekintzailea eta Europako Batzordeko aholkulari aditua

Deep Tech teknologietan aditua da Errealitate Hedatuan, Spatial Computingean eta AAn, eta bi hamarkada baino gehiago daramatza berrikuntza aplikatuan, ekintzailetzan eta irakaskuntzan. Qublian eta CreativiTIC Interactive sortu zituen, eta haien zuzendari nagusia da. Lehena Deep Tech transferentziako aholkularitza-enpresa bat da. Bigarrenak, berriz, oinarri teknologikoa du; teknologia emergenteetan egiten du I+G, eta eragina du industriaren, osasunaren, hezkuntzaren eta aisialdi digitalaren arloetan. I+Gko Europako FP7, H2020 eta Erasmus+ proiektuak lideratu ditu, eta liburuak, artikuluak eta patenteak ditu. Errealitate areagotuko/birtualeko Key Innovator aitortu du Europako Batzordearen Innovation Radar ekimenak.
2019tik, inbertsioan eta berrikuntzan ebaluatzaile aditua da Europako Batzordeko hainbat agentziatan, bereziki Berrikuntzaren Europako Kontseiluko EIC Accelerator programan eta Zipreko Ikerketa eta Berrikuntza Agentzia Nazionalean.  Enpresaria ez ezik, irakasle gonbidatua ere bada Deustuko Unibertsitatean, eta dibulgazio-lan handia egiten du estatuko eta nazioarteko foro teknologikoetan. 2025az geroztik, teknologiari eta AAri buruzko atal bat gidatzen du astero Onda Vasca irratian.

Enara Artetxe – CREATIVITIC INTERACTIVE
Jardunaldiaren aurkezlea eta moderatzailea

CreativiTIC Interactiveko zuzendari teknikoa da. 15 urte baino gehiagoko esperientzia du industriari, osasunari eta hezkuntzari aplikatutako murgiltze-teknologietan eta AAn. Arlo horietan, I+Gko hainbat proiektu zuzendu eta garatu ditu, eta errealitate areagotuko/birtualeko Key Innovator izendatu du Europako Batzordearen Innovation Radar ekimenak. Teknologiari buruzko argitalpen, artikulu eta liburu ugari ditu, eta, enpresaria ez ezik, Deustuko Unibertsitateko irakasle gonbidatua ere bada. Emakumeek STEM esparruetan parte har dezaten bultzatzeko ekimenetan kolaboratzen du, hala nola FEMSTEM proiektu europarrean eta STEMLab Bizkaia podcastean, neskek eta emakumeek teknologian duten partaidetza eta bokazioa bultzatzeko.