Featured image

Ikaskuntza sakona eta ikusmen artifiziala: bikote perfektua (Online)

Ikaskuntza sakona eta hark ikusmen artifizialaren iraultzan duen eginkizuna izango ditugu hizpide hitzaldi honetan.

Azalduko dugu zer den ikaskuntza sakona eta zergatik izan den hain garrantzitsua irudi-prozesatzearekin zerikusia duten hainbeste aplikazio berri agertzeko. Halaber, adieraziko dugu zein diren une honetan betetzen diren baldintzak gorakada handi hori gertatzeko.

Ikaskuntza sakonean oinarritutako ikusmen artifizialeko ereduak garatzeko behar diren osagaiak aurkeztuko ditugu, eta ahalik eta errendimendu onena duten ereduak lortzeko funtsezko puntuak identifikatuko ditugu. Hori guztia mundu errealeko ikusmen artifizialeko aplikazioetarako ereduen garapenaren ikuspegitik: industria, osasuna, nekazaritza, etab.

Ikusmen artifizialeko kasu erreal batzuk ere aurkeztuko ditugu, non ikaskuntza sakona izan baita soluzio eraginkor bat garatzeko giltzarria. Azkenik, teknologia horren etorkizuneko erronkei buruz hitz egingo dugu (datu edo ohar gutxi dituzten aplikazioak, eredu fidagarriak, denbora erreala, ereduen deribak, etab.).

Jardunaldi hau ZOOM bideokonferentzia-plataformaren bidez emango da online.
Edukiera mugatua.

Norentzat

Oro har adimen artifizialaren eta zehazki ikusmen artifizialaren egungo iraultza eragiten ari den teknologiak nola funtzionatzen duen jakin nahi duen pertsona oro. Halaber, prozesuak hobetzearren beren enpresetan dituzten datuak ustiatu nahi baina nola ez dakitenak.

Egitaraua

  • Zer da ikusmen artifiziala eta zergatik da garrantzitsua ikaskuntza sakona hori garatzeko?
  • Zertan oinarritzen da ikaskuntza sakona? Zergatik orain?
  • Ikaskuntza sakonean oinarritutako ikusmen artifizialeko ereduak garatzeko osagaiak eta arrakastarako gakoak
  • Ikaskuntza sakoneko ereduak garatzeko ohiko lan-fluxua
  • Arrakasta-kasuak
  • Etorkizunerako erronkak (semi-/self-supervised learning, anomaly detection, few-shot learning, irudi sintetikoak, explainability, denbora errealeko exekuzioa, domain drift…)

Hizlaria

Laura Gómez, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzan graduatua (2017), Bilboko Ingeniaritza Eskolan (EHU). Karrera Amaierako Sari Berezia eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterra (2019) lortu zituen unibertsitate berean. Gradu-amaierako lana Bilboko Ingeniaritza Eskolako BioRes ikerketa-taldearen barruan egin zuen, seinale biomedikoen lanketaren arloan. Masterreko azken ikasturtean, Tecnaliako Computer Vision ikerketa-taldean sartu zen, eta han egin zuen master-amaierako lana. Ordutik, ikertzaile dihardu. Tarte horretan, ikusmen artifizialera bideratutako ikaskuntza sakoneko ereduak garatu ditu. Era aktiboan parte hartu du konpainia multinazional batzuentzako soluzioak garatzen, hala nola BASF, ikerketa-kontratu pribatuen bidez. Gainera, irudiaren arloko ikaskuntza sakoneko ereduetarako metodo erdigainbegiratuetara bideratutako doktore-tesia egiten ari da. Europako eta nazioarteko 4 patente ditu.

Hurrengo edizioetara itzuli »»

Hurrengo edizioetara itzuli »»